XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egizale

Zuetan aundiena dena, izan bedi zuen serbitzari (Mt.23,1-12).

GUTXITAN bezala, zorrotz mintzo da Jesus gaurko Berrionean: idazlarien eta fariseuen jokaera makurra salatzen du, itxurakeria baitipat.

Ez dute betetzen irakasten dutena, eta arrokeri aundia agertzen dute beren jokaeran.

Irakaspen ederra dugu emen, gaur egun Elizan aginpidea eta irakas-lana dugunok: gotzai, apaiz, guraso, katekista, parrokietako talde eta liturgi-eratzailleak.

Azterketa on bat egin bearrean gaude.

Garbi dago: gure itzek eta aginduek indar gutxi izango dute, leenik geuk bizi ez baditugu, geure biotzetik eta bizitzatik igaroak ez badira.

Agintean egotea ez da aski gauzak ondo egiteko: leenik bizikizuna bear da.

Otsegiten dugun sinestea eta maitasuna egi biurtzen aalegindu bear dugu leenik.

Bestalde, Jesusen itz auek kristau guztientzat balio dute: kristaua Jesusen jarraitzaillea da, Aren irakaspenak betetzen aalegintzen dena.

Baiña gure bizitean Jesusen Berriona egi biurtzen ez badugu, naizta itxura ederrak egin, Jesusek salatzen dituen fariseuen antzekoak gera: illobi zurituak, eta ez dugu Jesusen egiazko Berriona adierazten.

Ez gera egizaleak, gezurtiak baizik.

Nola ausartu, beraz, irakaspen-itza gure senideei zabaltzen? Nola erabilli gure aginpidea besteekin? Jesusek argi irakatsi digu eginkizun onetarako bidea: Zuetan aundiena dena, izan bedi zuen serbitzari.

Bere burua beeratzen duena, goratua izango da

Au da Jesusek bere bizi osoan erabilli duen jokabidea: serbitzu-bidea.

Jesus ez da bere onaren billa ibilli, besteen onaren billa baizik.

Bereziki gurutzean agertu du, denentzat duen biotz maitekorra, apaltasunik aundienean.

Gurutzean bere burua beeratu duelarik, Aitak illen artetik piztu eta goratu egin du.

Geroztik, egiaz eta osotoro Jaun eta Maisu da, aginpide jatorraren eta irakas-lan guztien iturburu.

Elizan aginpidea eta irakas-lana Jaunagandik artu duenak, badu Jesusen Pazko-bidean zer ikasi!

Ez luke beldurtu bear serbitzu-bideak dakarkioken nekeengatik, egi-bidea bait da.

Jesus bezala beeratua izanik, denen serbitzari izateko gauza izango da.

Jesusen Pazko-bide au Eukaristian ospatzen dugu, eta Jesusen Pazko-bide ori ospatzeak bizikera berrian sar gaitzake, denen serbizari egiñez.